Bertsolari klasikoetan oinarrituz, hainbat lan ageri dira lan-koadernoan, 12.-15. orrialdeetan.
Bertsolari bakoitzaren inguruan sortu ditugun bertsoak ardaztzat hartuz, Ikasgelako Blogean, Bertsoz atalean, argitaratzeko lan bat egingo dugu.
Bertsolari klasikoak izenburuarekin, Txirrita, Xenpelar, Bilintx, Xalbador eta Otañori buruzko fitxa labur bat eta bertso bat (grabatua) egingo dugu.
Bertsolariaren fitxa honen antzekoa izango da:
• Argazkia
• Izen-abizenak – Goitizena
• Jaiolekua – Jaiotza- eta heriotza-datak
• Haren izaera adierazten duen esaldi laburra.
• Hari dagokion istorio edo gertakizun ezagun baten azalpen laburra.
• Hari eskainitako bertsoa: 12.-15. orrialdeetako ariketak egitean sortu diren onenak graba ditzakegu, sari moduan.
Grabazioa ordenagailuan egingo dugu, audio-ediziorako software bat erabiliz Audacity edo beste edozein). Bertso bakoitza “mp3” formatuan gordeko dugu.
Lana bukatzeko, Ikasgelako Blogean, Bertsoz atala sortuko dugu, eta Bertsolari klasikoak izenburuarekin bertsolari bakoitzaren fitxa editatu, eta soinu-artxiboa gehituko dugu, “Halakoari (bertsolariaren izena) eskainitako bertsoa” izenburua jarri eta gero.