Europako mapa fisikoan oinarrituta, erliebe-elementuei dagozkien kontzeptuak argituko ditugu. Helburua lortzen laguntzeko, Interneteko hiztegiak erabiliko ditugu, eta Irristalari CD-ROMa proiektatuko dugu ikasgelan, Europa Fisikoa izeneko mapa, hain zuzen.
Hauek dira mapan izendatzen diren elementu geografikoak:
lurmuturra, golkoa, itsasartea, kanala, uharteak, itsasoa, badia, aintzira, urtegia, penintsula, ordokia, mendikatea, mendiak, muinoak, mendigunea, estuarioa.
Firefox nabigatzailearekin ari bagara, Euskalbar izeneko tresna erabiliko dugu kontsultak bertan egiteko (Harluxet entziklopedia eta Wikipedia erabili). Beste nabigatzailearekin ari bagara, www.hiztegia.net helbidean aurkituko ditugu kontsulta-iturriak. Jarduera hau ikasgelan bertan egin dezakegu, proiektagailuaren laguntzarekin.
Kontzeptuak argitu ahala, horietako bakoitza mapan azaltzen diren elementuekin lotzea komeni da. Horretarako,Irristalari CD-ROMak dakarren Europa Fisikoa izeneko mapa ikasgelan proiektatzea komeni da. Pantailaren behealdean elementuak jarri eta kentzeko aukera dago, eta zooma ere badu; horietaz baliatuz, zoragarri identifikatu eta ikusiko ditugu erliebe-elementurik garrantzitsuenak.