Jarduera honen hasieran, eguzki-sistemari buruzko ikus-entzunezko animazioa ikusiko dugu. Ikusitakoarekin lotura duten hainbat galdera egiten da, ideia nagusiak azpimarratu eta hobeto ulertzeko. Ahozkotasunak garrantzi handia du eta, horregatik, nork bere grabazioak entzutea komeni da, okerrak zuzentzeko, erabiltzen den tonuaz eta entonazioaz ohartzeko, eta ahaztu zaizkigun xehetasunez jabetzeko.
Ideia nagusiak bereizi eta koadernoan idatzi eta gero, audio-grabazioak egiteko eskatuko diegu ikasleei beren ordenagailuan, banaka edo binaka jarrita.
Horregatik, tarteka, ahozkotasuna lantzeko grabazioak egitea komeni da, eta, horretarako, bide bat baino gehiago badira ere, une honetan audioa soilik grabatzea proposatzen dugu. Aurreraxeago, bideo-grabazioa ere erabiliko dugu, izan ere, arestian aipatutakoaz gain, egindako keinuak (gorputzaren kokagunea eta hizkuntza ez-ahozkoaren beste atalak) zuzentzeko aukera ere emango digu.
Jarduerari amaiera emateko, Ikasgelako Blogean eguzki-sistemari buruzko komunikazio bat egingo dugu, non sarrera labur eta irudi adierazkor batekin, azalpen-testuaren ordez, audio-grabazio bat (ikasle batena) gehituko dugun.