Aurreko jardueran, datuak sartu ahala grafikoak nola egiten diren ikusi dugu, kalkulu-orri bat erabilita. Datuetatik abiatuta grafikoak egiteko beste baliabide bat erabiliko dugu, oraingoan, Interneteko baliabide bat: Create a graf du izena. Eskuratu ahal izateko esteka hor behean jarri dugu.
Liburuaren 19. orrialdean dagoen testuan oinarrituta, ikasleei hainbat galdera egiten zaizkie, 20. orrialdean, taldeka jarrita aztertu eta erantzun beharko dituztenak, baterajartzea egin aurretik. Jarduera bere horretan egin eta gero, talde bakoitzak egin duen lanaren emaitza gisa, Ikasgelako Blogean mezu bat idatziko dugu.
Liburuaren orrialde berean, hurrengo jardueran, barra-grafikoak lantzeko proposamena egiten da. Goian aipatutako Create a graf baliabidea erabil dezakegu horretarako. Erakargarria eta erabilerraza izateaz gain, emaitza (grafikoa) irudi moduan jasotzeko aukera eskaintzen digu, zuzenean. Ikasleei, taldeka jarrita, estatu jakin batzuen bizi-itxaropenari buruzko datuak eman eta gero, grafikoa egiteko eskatuko diegu. Grafikoa irudi moduan eskuratuko dute, eta irudi hori Blogean argitaratuko duten artikuluan txertatuko dute.
Aurreko jardueran egin dugun bezala, oraingoan ere, jarduera hau bera irakasleak ikasgelan egitea komeni da, prozesua eta emaitza denok ikusteko moduan erakutsiz, proiektagailuaren laguntzarekin.