Liburuak dakarren jarduera (39. or.), prentsa digitala erabiliz egingo dugu. Jarduera info-gelan egingo dugu, binaka jarrita. Irakasleak honen antzeko mezua idatziko du Ikasgelako Blogean:
Lan-mundua, eguneko prentsan
Lan-kontuak eguneroko albiste-iturri dira. Horrezaz konturatzeko, nahikoa da prentsari begiratu bat ematea: lanpostuen eskaintza, grebak, lanuztea, lanbide berriak, lan-istripuak...
Albiste horiek bilatuko ditugu oraingoan. Prentsa digitalaren web-helbideetara joko dugu, eta lan-munduarekin zerikusia duten albisteak bilatuko ditugu.
Albistea aurkitutakoan, irakurri eta gero, haren izenburua, azpititulua (ez baldin badauka, asmatu egin beharko dugu), azalpen laburra (bi-hiru lerro) eta hori bistaratu ahal izateko web-helbiderako esteka jarriko dugu, mezu horri egindako iruzkinean.
Inoiz baino hobeto esana dago ekin lanari!
Iruzkinak egiteko emango dugun denbora amaitu eta gero, horiek irakurriko ditugu ikasgelan, proiektagailuaren laguntzarekin. Hori egin eta gero, liburuko jardueran egiten den azken galderari helduko diogu denon artean: "Zer ondorio ateratzen duzu lan-mundu horretatik?".